6BEREIZKETA-GRADU
Elkarrengana hurbiltzeko hamaika arrazoi
8.000 milioi biztanle garen mundu honetan, 5 pertsonak bakarrik bereizten zaituzte planetako beste edozein biztanlerengandik. 6 bereizketa-graduen teoria ezagunaren arabera, 5 pertsonaren bidez, lotura izan dezakegu pertsona ospetsuekin ere; adibidez, Obama, Rosalia, Aita Santua edo Vandana Shivarekin, bai eta Peruko nekazari batekin, edo Bangladesheko ehungintzako langile batekin, Kolonbiako giza eskubideen defendatzaile batekin edo Ghanako ikasle batekin ere. Buruak eztanda egin ez badizu, egiazta ezazu!
AURKITU NORAINOKO BEREIZKETA-GRADUA DUZUN...
Egiaztatu duzun bezala, gizakien arteko lotura ez dute distantzia handiek galarazten, ez hizkuntza- eta kultura- aniztasunak, ez maila sozioekonomikoek ere. Hala ere, paradoxikoa dirudien arren, sortu dugun munduak gizakien arteko desberdintasunak eta giza eskubideak urratzea eragiten du. Pertsona guztiok ez dugu bizitza duina bizitzeko aukera bera izaten. Baina bada albiste on bat: errealitate hori alda dezakegu.
Euskadiko lankidetza-politikek eta garapenerako GKE-ek hamarkada asko daramatzagu balantza orekatzen, guztiontzat eta leku guztietan gizarte bidezkoagoa eraikitzeko. Bai instituzioek, bai gizarteak ere, lan egin behar dugu guztiok ukitzen gaituen errealitate hori orekatzeko. Izan ere, gizartea ukitzen duen horrek ukitzen zaitu zu, ukitzen nau ni, eta ukitzen du mundua. Beste errealitate batzuk ezagutzea eta Euskadik munduan duen zeregina ezagutzea da aldaketaren partaide izateko lehen urratsa.
EUSKADIKO LANKIDETZA-AURREKONTUAK URTEETAN ZEHAR
Herrialde garatuenek NBEren aurrean duten nazioarteko konpromiso historikoak eta Lankidetzaren Euskal Legeak adierazten dute Euskadiko instituzioek beren BPGaren % 0,7 bideratu behar dutela lankidetzara.
Azken hamarkadetan, Euskadiko instituzioak erreferentzia izan dira nazioarteko lankidetza-politiketan, bai horretarako jarritako kopuruengatik, bai planteamendu eta ikuspegi berritzaile eta eraldatzaileengatik ere.
Hala ere, lidergo-posizioa galtzen ari dira gaur egun, helburu horretarako aurrekontua lehengoan geldirik dagoelako, ez aurrera ez atzera, eta oso urrun geratzen ari direlako nazioarteko elkartasunean inbertitzeko duten benetako gaitasunetik.
Eta zerbait gertatzea desiratu beharrean, nahi duzuna gertatzea lortzen baduzu?
BATERAKO LANAREN IRAGANARI, ORAINARI ETA ETORKIZUNARI BEGIRA
Estatuan, zenbait autonomia-erkidegotan handitu egin da lankidetza-inbertsioa; Euskadin, berriz, geldialdi kezkagarria dago.
Herrialde emaileen batez bestekoa % 0,37 da. Orain arte, Euskadi oso urrun dago batez besteko horretatik eta Nazio Batuen konpromisotik ( % 0,7). Espero dugu Lankidetzari eta Elkartasunari buruzko Lege berria pizgarria izatea egoera hori leheneratzeko.
ZERK URRUNTZEN GAITUEN
Badakigu hainbat faktorek bereizten gaituztela mundu guztiarentzako bizitza duina eta bidezkoa lortzetik.
2030 AGENDA Euskadin
2015. urtean, Nazio Batuetako 193 herrialdeek erabaki zuten mundu bidezkoago, ekologikoago, oparoago eta baketsuago baterako urrats sendoa egitea. 2030 Agenda ezaguna onartu zuten, 2030an lortu behar diren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan oinarritua. Haien xedea da mundu eta bizitza jasangarria lortzea eta pobrezia errotik kentzea.
Erronka hori mundu osoko gobernuentzat da, baina gure hurbileko instituzioentzat ere bai, hala nola gobernu autonomikoarentzat, foru-aldundientzat eta udalentzat. Gainera, enpresak, unibertsitateak, gizarte-eragileak edo era guztietako erakundeak inplikatzen ditu mundu osoan, eta, jakina, bai eta pertsona guztiak ere.
Garapen Jasangarrirako funtsezko Helburu bat: 17.a
Planeta bidegabe batean bizi gara: desoreka handiak jasaten ditu, eta giza eskubideak urratzen dira. Hori aldatzeko, 17. helburu horrek proposatzen du munduan aliantza sendoa egitea, besteak beste, balantza justizia sozialerantz orekatuko duen garapen jasangarria lortzeko eta herrialde garatuenek munduko eremu pobretuenekin batera lan egiteko konpromisoa betearazteko. Horretarako, nazioarteko lankidetzara bideratuko da beren barne-produktu gordinaren % 0,7, giza eskubideak bermatzen eta pobreziarekin eta desberdintasunekin amaitzen laguntzeko.
2030 Agendak berriro jarri du mahai gainean nazioarteko lankidetzara % 0,7 hori bideratzeko nazioarteko konpromiso historikoa betetzeko beharra; euskal herritarrek duela hamarkada batzuetatik babestu dute konpromiso hori, eta instituzio publikoei betetzeko eskatu diete.
GUZTIAK BATERA
Pertsonen eta planetaren zerbitzura dagoen politika bat. Mundua irauli nahi dugu, eta inor baztertuko ez duen gizarte justuagoak eraiki; beraz, pertsonen eta planetaren zerbitzurako politikak behar ditugu. Helburu hori lortzeko, guztiak batzen du.
GGKEak
Funtsezko pieza gara lankidetzarako euskal politiketan.
HERRITARRAK
Guztiok gara munduan ikusi nahi ditugun aldaketa sozialen protagonistak.
INSTITUZIO PUBLIKOAK
Zertan hobetzen dute pertsonen bizitza lankidetza-politikek?
Erakunde publikoek mundu bidezkoagoa eta jasangarriagoa sustatzeko nazioarteko lankidetza bultzatzen duten legeak sustatu behar dituzte.
Alde horretatik, Eusko Legebiltzarrak Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Lege berria onartu zuen 2024ko otsailaren 15ean erronka globalei eraginkortasunez erantzuteko asmoz. Euskadik herrialde pobreekiko duen konpromiso solidarioa indartuko du, itunak sustatuko ditu, eta koordinazioa eta finantzaketa hobetuko ditu. Halaber, aurrekontu finkatuaren % 0,7 nazioarteko lankidetzara bideratzeko mandatua jasotzen du, Nazio Batuen eta 2030 Agendaren agindua betetzeko.
Gainera, konpromiso etikoaz gain, ehuneko bat baino gehiago da: Euskadik gaur egungo munduan izan nahi duen zereginari buruzko asmo-adierazpena da.
MUNDUA ERALDATZEKO 5 PROPOSAMEN
Nazioarteko garapenerako eta lankidetzarako GKEak mundua eraldatzeko egiten ari gara lan, gure ingurune hurbilenetik abiatuta. Eskala globalean aldaketak lortzen dituzten haziak ereiten ditugu. Hona hemen gure proposamen batzuk munduaren norabidea aldatzeko eta beste gizarte-mota bat eraikitzeko